
Irailaren 13tik 19ra. Bihotz Gaztea Ikastola. Egokitzapena
Irailaren 13a osteguna
Gaur lehenengo eguna izan da. Ikastolara heldu berri eta Haur hezkuntzako koordinatzailearekin aritu naiz hizketan. Koordinatzaileak gainerako irakasleak aurkeztu dizkit eta berehala martxan jarri da taldea.
9.00etan ume txikiak etorri dira. Egokitzapen momentu honetan gurasoak, aitona-amamak eta gertuko senideak parte hartu dezakete eguneroko errutinan eta eskolara sartzen dira euren seme-alabekin.
Heldu bezain laster patiora abiatu gara jolastera ume txikiekin eta baita gurasoekin ere. Alfonbra batean eserita umeekin jolastu dut, pixkanaka batzuk lasaitu egin dira, beste batzuk aldiz, negarrez hasi dira gurasoak aldentzen ziren heinean hortaz, kulunkatu ditut, musuak eta besarkadak emanez.
Aste honetan umeak denbora tarte txikiak egongo dira eskolan eta goiz joango dira etxera senideekin. Ume bakoitzak ordutegi ezberdin batean.
Egun zoragarria izan da.
Irailaren 14a ostirala
Gaur ume pilo egokitu dira hasiera-hasieratik. Egoera eta klima guztiz ezberdina izan da,umeak lasai egon dira, ez dute negarrik egin eta gainera poz-pozik jolastu dute guztien artean.
Aukera izan dut behaketa egiteko. Ohartu egin naiz nola jokatzen duen ume bakoitza, nola jolasten duten, elkar banatzen duten edo ez, nola adierazten dituzten emozioak eta batez ere zein harreman duten beste umeekin.
Gaur ere egun paregabea izan da.
Irailaren 17a astelehena
Astelehena, asteko lehenengo eguna da aste buruaren ondoren eta umeei kostatu egiten zaie berriz errutinara bueltatzea, batez ere eskolara joatea. Gaur umeak triste eta goibel aritu dira jolasten.
Ni, irakasleekin batera lasaitu egin ditut txikitxoak. Haiekin jolastu dut eta patioan aritu dira korriketan. Noizbehinka umetxoak guregana etortzen ziren mimoen bila, zoragarriak dira.
Egun polita izan da gaurkoa.
Irailaren 18a asteartea
Gaur ez da izan egun erreza. Patioa bustita zegoen eta gelan aritu behar izan gara jolasten ume txikiekin.
Gelako espazioa nahiko zabala da eta ume guztiak jolastu dezakete han barruan; baina ume txikiak energiaz beterik daude, korrika egin behar dute, airea arnastu eta gurasoengandik urruntzearen amorrua gainditu eta askatu behar dute.
Hala ere, eroso egon naiz klasean umeekin jolasten eta behatzen guztiok lasai eta gustura egoten zirela.
Egun ezberdina izan da gaurkoa, baina zoragarria baita.
Irailaren 19a asteazkena
Asteazkena, azken eguna. Gaur ume guztiak heldu dira ordu berean eta etxera joan dira ordu berean, guztiak batera.
Patiora atera gara jolastera, ume gehienak egokitu egin dira eta elkarren artean jolasten dute. Batzuek beste batzuen izena jada ezagutzen dute eta izen horiek ozen eta garbi esaten dituzte.
Aste honetan, pardelak errebisatzen hasi gara. Gelako ume batzuek pardela kentzen ari dira eta hilabete hauetan ziur nago lortuko dutela.
Azken eguna izan da, pena handiz etxera abiatu naiz, aitzitik, irakasleak eskerrak eman dizkidate lagundu izanagatik eta laster bueltatzeko eskatu didate.
Esperientzia zoragarria izan da egokitzapen prozesuan parte hartzeko aukera eduki izana, guztiz eskertuta nago.
Gaur oso gustura sentitu naiz, baina azken eguna izan delako tristura ere sentitu dut. Hala ere, aste honetan konturatu naiz benetan irakasle ikusten dudala neure burua etorkizun batean.